Teknologia albisteak

Basilika podkast komunitatea, Komunikazio saria RAKS 2021 edizioan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-11-20 : 12:19

Atzo banatutako Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan (RAKS 2021), Komunikazio kategorian, Basilika podcast komunitateak lortu zuen saria, 9.000 euroko poltsarekin. Basilika podkast kulturalen familia bat da; Bilbo eta Donostia artean kokatutako sortzaile talde batek bultzatuta.

Duela urtebete hasi ziren martxan Basilikakoak, baina maiatzean audioak argitaratzen, Bilbo eta Donostia artean kokatutako sortzaile talde batek bultzatuta; hona hasierako protagonistak, inizialez identifikatuta: Gorka Bereziartua, Sahatsa Jauregi, Pablo Marte, Kepa Matxain, Lur Olaizola, Beñat Sarasola, Jone Alaitz Uriarte eta Irati Urrestarazu.

Hauen artetik oholtzara Lur Olaizola, Jone Alaitz Uriarte eta Gorka Bereziartua igo ziren. Koadrilaren artean egiten dituzten podkastak hauek dira: 

  • BerdelaOkerla Sormen Lantegiaren lanari lotutako arte podkasta, Irati Urrestarazu eta Sahatsa Jauregik egina. 
  • Zeelanda Berria, literaturaren ingurumarien ingurukoa da, pederastia akusazioen inguruko autoreez jardun dute orain artean adibidez (Vanessa Springoraren salaketak edo Jon Mirande geurea...)
  • Phoenix Ragazza Jone Uriarte eta Lur Olaizolak egiten dute, kultura aktualitateari buruzkoa.
  • Sakoneta Kepa Matxain eta Jon Urzelairen podkasta da, kulturaren inguruko sakontasun intelektualak, baina arin eta atsegin, ez beldurtu. Kritika egiteko moduez jardun dute ale batzuetan orain arte.
  • Sector Conflictivo gaztelerazko audio saiakera dira, Pablo Marte arista andaluziarraren eskutik.

Argazkia egin zuten hasierako podkastetako protagonistek, Loiolako basilikaren aurrean, eta hor goian jarri dugu irudia, bakoitzaren inizialekin, identifikatzeko. Udaberriko lantzamendu horren ondoren, beste bi lagun ere gehitu zaizkie taldera: Oihana Iraguen eta Enrike Hurtado zera egiten hasi dira:

  • Koro, soinuaz ikertzeko eta sakontzeko podkast bat, soinuaren eta musikaren arteko mugaren inguruko lanketa bat.

 

Erantzun

Sartu