Teknologia albisteak

Aurtengo Overshoot day uztailaren 28an izan da. Gizakiak dagoeneko xahutu ditu gure planetak aurten sortuko dituen baliabide guztiak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-08-02 : 09:07

Global Footprint Network Fundazioak urtero kalkulatzen du Overshoot Day delakoa (gainditze-eguna edo mukurutze-eguna euskarara itzuliz gero). Hau da, gizateriak urteko zein egunetan ahitu duen gure planetak urtero sortzen duen baliabide kopuru guztia (ura, elikagaiak, erregaiak...). Aurten errekorra berdindu da: uztailaren 28rako dagoeneko erabili eta kontsumitu ditugu gure planetak aurten sortuko dituen baliabide biologiko guztiak. Hemendik eta Gabonetara bitartean kontsumituko dugun guztia gure planetari eta etorkizunari lapurtzen ari gara eta ez da birsortuko.

Uztailaren 28a izan da aurtengo Overshoot Day, 2018ko marka berdinduz, Global Footprint Network Fundazioak adierazi duenez. Earth Overshoot Day edo Lurraren Gainditze Eguna delakoak adierazten du zein egunetan gastatu dituen gizateriak gure planetak urte betean sortu ditzakeen baliabide naturalak. Hau da, aurten, esate baterako, abuztu hasierarako dagoeneko ahitu ditugu Lurrak urte osoan zehar eman ditzakeen baliabide natural guztiak (elikagaiak, ura, erregaiak, lehengaiak,...).

Urte amaierarako, gizakiok gure planetako ekosistemek birsor dezaketena baino 1,75 aldiz gehiago gastatuko dugu; nolabait esateko, 2022an 1,75 planeta gastatuko ditugu. Lurra bezalako ia 2 planeta beharko genituzke gaur egun urtero kontsumitzen dugun guztia sortu ahal izateko.

Horrek esan nahi du gure kapital naturala agortzen ari garela eta gizateriaren etorkizuneko baliabideen bermea arriskuan jartzen ari garela. Mundu mailako gehiegizko ustiapen ekologiko honen kostuak gero eta nabarmenagoak dira: basoak soiltzea, lurzoruaren higadura, biodibertsitatearen galera edo atmosferako karbono dioxidoa metatzea handituz doaz eta prozesu horien ondorioa gero eta handiagoa eta kaltegarriagoa da, klima-aldaketa eta muturreko gertakari meteorologikoak areagotuz.

Euren webgunean azaltzen dute koefiziente hori nola kalkulatzen duten. Overshoot Day edo gainditze-eguna azken 50 urteotan zehar nola aldatu den ere ikusi daiteke, 1970. hamarkadan hasi eta gaur egun arte. Duela 50 urte abenduan iristen ginen Oveshoot egunera; hau da, urtean "planeta bat" agortzen genuen eta gure planetak gaitasuna zeukan urtean gastatzen genuena birsortzeko. Harrezkero, baina, kontsumoa ikaragarri igo da, etenik gabe eta gero eta azkarrago. Abendutik irailera aurreratu zen XXI. mende hasierarako Overshoot eguna, eta abuztura 2010. hamarkadarako. Azken urteotan, berriz, uztailerako dagoeneko ahitu dugu gure planetak urte betean eman dezakeena. 2022an orain arteko errekorra berdindu dugu (2018koa), eta uztailaren 28an izan da Overshoot eguna. Hemen dituzu aurreko urteetako datuak eta alderaketa.

Egoera hau ez da jasangarria, bistan da. Konponbideak ere aski ezagunak dira, webgune berean aipatzen dituzte horietako nabarmenenak, norbanako mailakoak, enpresa mailakoak, zein gobernu mailakoak. Noiz arte jarraituko dugu etenik gabeko lasterketa zentzugabe eta suizida honekin? Hortxe koxka! 

Herrialdeen artean alde nabarmena

Kalkulua mundu mailan egiten den arren, kontsumo-maila oso ezberdina da herrialde batetik bestera. Izan ere, herrialde gutxi batzuen errua da kontsumo-maila ez-jasangarri eta ikaragarri hau. Ustez "aurreratuenak" direnak dira planetari kalterik handiena egiten dietenak. Aurreratu eta atzeratu terminoak nola erabiltzen ditugun birpentsatzen hasi beharko ginateke.

Datuak herrialdeka aztertzen baditugu, munduko herrialde gehienak ez dira iristen Overshoot egunera. Baliabide naturalak erabiltzeko eta kontsumitzeko duten abiadura jasangarria litzateke. Aldiz, beste batzuek 10 edo 20 aldiz gehiago kontsumitzen dute, gure planetaren erreserbak agortuz.  

Esate baterako, munduko herrialde guztiak Qatarrek egiten duen abiaduran kontsumituko bagenu, otsailaren 10a litzateke mukurutze-eguna. Gehien gastatzen duten herrialdeen zerrendan hurrengo lirateke  Luxemburgo (otsailak 14), Canada eta Emir Herriak (martxoak 13), Estatu Batuak (martxoak 14) eta Australia (martxoak 23).  

Herrialde europarrak pixkat atzerago daude zerrendan. Aberatsenak eta ustez "aurreratuenak" martxo-apirilerako iristen dira Overshoot egunera (Belgika, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania....); zerrendan atzerago daude herrialde pobreagoak, Europa hegoaldeko gehienak (Espainia, Portugal, Grezia, Montenegro, Kroazia...). Azken horiek ere urte erdira heldu aurretik jaten duten urte osokoa.

Aztertu dituzten herrialdeen artean kontsumo jasangarriena daukatenak Jamaika, Ekuador eta Indonesia lirateke, baina horiek ere Overshoot mailara iristen direlarik. Esan bezala, Afrika eta Asiako herrialde asko ez dira iristen Overshoot egunera. Herrialde garatuenak ari gara euren baliabideak eta etorkizuna jaten.

 

Erantzun

Sartu