Teknologia albisteak

Youtubera edukia igotzen hasi da Euskal Encodings

Erabiltzailearen aurpegia
2022-02-11 : 09:49

Euskal Encodings Youtubeko kanal berria sortu dugu. Plataformak berak baimentzen digun erritmoan hasi gara, gehienez 15 bideo egunean, dagoeneko edukia igotzen. Youtubek duen Copyright politika dela eta, ezin izango dugu gura dugun eduki guztia publikatu, baina apurka-apurka ekinean jarraituko dugu eginkizun horretan.

Duela hile batzuk Ikusiker ikerketaren berri izan genuen. EHUko ikerketa bat da, hego Euskal Herriko gazteen artean ikus-entzunezkoen kontsumoa eta IKTen erabilera zenbatekoa eta nolakoa den aztertzen duena. Horretarako, gai ezberdinak lantzen ditu eta EHU eta NUPeko 1000 bat ikaslerekin galdeketa talde bat sortu dute. Sarri-sarri ikasle hauei ohiko telebista, plataforma zein Interneten ikusten dituzten edukien inguruko galderak luzatzen dizkiete, haien kontsumoen inguruko datuak ezagutzeko.

Ikerketa hauen emaitzak txosten ezberdinetan publikatzen dituzte ikusiker.eus webgunean, eta horien bitartez, Euskal Encodings osatzen dugunok datuen bitartez baieztatu ahal izan dugu, orain arte genuen susmoa: gero eta ikus-entzunezko gutxiago kontsumitzen da euskaraz.

2020ko abenduko txostenean, Fikziozko edukiak eta hizkuntzak izenekoan, gazteei galdetzen zitzaien ea zein hizkuntzatan entzun zuten fikziozko azken edukia; % 2,3k Euskaraz erantzun zuen. Azken eduki hori azpitituluekin ikusi zutenetatik euskara % 1,3k aukeratu zuen soilik.

2021eko martxoan argitaratutako txostenean, Sare sozialak: Youtube izenekoan, galdera hauxe egiten zitzaien: Youtuben zer ikusiko duzun erabakitzerako orduan, nondik jasotzen dituzu gomendioak? Aipatu behar aukera anitzeko erantzunak zirela, baina gehien-gehienek “Youtubek berak proposatutakoak” aukeratu zuten.

Hori ikusirik, gure eskura dauden aukerak aztertzen aritu gara, eta pentsatu dugu Youtube plataforma bera, egokia izan daitekeela egoera horri buelta ematen hasteko. Izan ere, gazteek ikusten dutena hein handi batean Youtubek berak proposatutakoa bada, logikak dio zenbat eta eduki gehiago egon euskaraz, orduan eta proposamen gehiago egingo dituela euskaraz Youtubek. Beste gauza batzuk ez, baina euskarazko edukia, badugu.

Beraz, Euskal Encodings Youtubeko kanal berria sortu dugu. Plataformak berak baimentzen digun erritmoan hasi gara, gehienez 15 bideo egunean, dagoeneko edukia igotzen. Eta horrez gain, beste batzuek publikatuta duten edukia baliatuko dugu erreprodukzio zerrendak egiteko. Youtubek duen Copyright politika dela eta, ezin izango dugu gura dugun eduki guztia publikatu, baina apurka-apurka ekinean jarraituko dugu eginkizun horretan.

Ikusi euskaraz, entzun euskaraz, bizi euskaraz.

Erantzun

Sartu