Teknologia albisteak
9

Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2002-10-09 : 13:10

Jakin izan genuenean minbizia nuela, berehala hasi ginen telefono deiak egiten, nire egoeraren berri emateko familiartekoei eta laneko arduradunei. Baina nola jokatu Miren alabarekin, zazpi urte baino ez dituena? Eta ama Paularekin, hau 85 urteren bueltan dabilena?

Alaba bakarra daukagu, Miren, zazpi urtekoa. Txiki-txikitandik, lagun taldetxo bat dauka eta haiekin ibiltzen da gustura. Gu lanean gabiltzanean, emakume batek zaintzen du, Bittorik.

Ni ospitaleratu eta gero, Bittoriren etxean igaro zuen Mirenek lehen gaua, Bego nirekin geratu zen eta. Orduan esan genion, telefonoz, aitatxo ospitalean zegoela analisi batzuk egiten. Begok eta biok hitz egin genuen orduan, eta Miren lasai geratu Bittorirenean.

Bigarren gauean etxean egin zuen lo, amatxorekin batera. Honek kontatu zion nola nengoen eritetxean, zelan egiten ari ziren analisiak, etab. Informazio gehiagorik ez. Gau hartan inportanteagoa zen amatxo berarekin egotea.

Miren, aitatxo gaixorik dago

Irailaren 14an, hirurok etxean lo egin ostean, Mirenek deitu egin zion amari bere ohera. “Zergatik joan behar da aitatxo berriro ospitalera?” galdetu zion Begori. Eta honek erantzun: “Miren, aitatxo gaixorik dago. Analisiak egin dizkiote eta aurkitu diote gaitz bat, osatzen dena, baina aldi batean makal jarriko duena. Batzuetan ikusiko dugu gogo gutxirekin dabilela edo kolore txarrarekin. Eta, halako batean, ilea jausiko zaio. Baina ez larritu, berriro irtengo zaio eta. Horixe bera gertatu zaio zure gelako Garaziren nebari ere, Iñigori”.

Orduan Mirenek negar egin zuen: “Zergatik hau nire aitatxori eta ez beste batenari?”. Begok lasaitu nahi izan zuen: “Hori ez dago gure esku, laztana. Batzuetan horrela tokatzen da: zergatik jaiotzen dira ume batzuk itsu eta zu ez? Eta zergatik jaio zinen zu hemen eta ez Afrikan, non haur askok eta askok ez duten jatekorik ere? Gauzak horrela gertatzen dira”.

Begok jarraitu zuen, Mirenen negar malkoak sikatu bitartean: “Orain guk lagunduko diogu aitatxori makal dagoenean, zuk eta nik. Kemena emango diogu eta, ahal dugun guztian, laguntza. Eta osatzen denean, berriro irtengo zaio ilea, ostera ere hasiko da ariniketan egiten eta baita lanean ere. Bitartean, hementxe izango gaitu neska biak, laguntzeko prest”.

Hortxe bukatu zen elkarrizketa. Miren lasaiago jaiki zen. Ordu pare bat geroago, Maddalen etorri zen deika, bere lagunetariko bat, plazara zihoana amatxorekin eta nebatxoarekin. Miren haiekin irten zen. Eta plazara bidean, esan zion Maddalenen amari: “Nere, badakizu nire aitatxori ilea eroriko zaiola?”. Eta Nerek: “Bai, baina ez da inporta. Gero sekulako indarrarekin irtengo zaio berriro, ikusiko duzu!”. Mirenek: “Iaa, Iñigori ere horrela irten zaio, sendo-sendo eta bizar eta guzti”. Poztu ginen jakin izan genuenean elkarrizketa honen berri, Miren hasia baitzen nire gaixotasunaz hitz egiten. Seinale ona, askotan gordetzekoa baita gauzak bere golkoan.

Aitatxo, dardaratan zagoz!

Lau egun ospitalean egin eta gero, egun motela izan nuen etxera etorri eta bigarrena. Hankak oraindik apur bat hazita eta burua altxa ezinda pasatu nuen.

Iluntzean, sukarrak eraginda, dar-dar batean hasi nintzen telebistaren aurrean. Miren nire alboan zegoen, sofan jarrita. Konturatu ezin nuela menderatu dardara eta jaiki egin zen. Nire iztarren gainean jarri zangalatrau eta esan zidan: “aitatxo, dardaratan zagoz!”. “Bai, laztana”, nik. Besarkatu ninduen goxo-goxo eta hasi zen arnas beroa botatzen nire lepora, bero nendin. Termalgin batek kendu zidan gero sukarra, baina nire alabaren keinuak zerua ukiarazi zidan.

Geroztik, parte hartu nahi izan du gaixotasunaren inguruko gorabeheretan: barrez lehertzen zegoen osaba Mikelek bibotea kendu zidatean. “Zer feo zauzen!” esaten zidan barrezka, bere bizitzan lehenengoz ikusi baininduen bibote barik. Eta kateterra estaltzen duten lotailuak aldatu behar izan ditugunean, berak egon nahi izan du aurrean, ikusteko azpian zer dagoen.

Harrezkero Miren konturatu da lasai-lasai hitz egiten dugula telefonoan, lagunek-eta deitzen dutenean. Minbizia aipatzen dugu, linfoma, kimioterapia eta beste hainbat hitz. Berdin kalean, jendearekin edo lagunekin elkartzen garenean. Badaki ez diogula ezer ezkutatzen. Baliteke oraindik egoera gogorragoak ikusi behar izatea, baina jarrera ezin hobea du eta badakigu ondo erantzungo duela.

Eta nola esan amari?

Mirenez gain, bagenuen beste ardura bat ere: noiz esan gauzak eta nola nire amari? Paula Mendizabalek 85 urte ditu eta Arrasaten bizi da, alargun azken lau urteotan. Bost seme-alaba hazi izandakoa, taupagailu bat dauka bihotz nekatuan, baina, gogoa nola, paseada luzeak edo laburrak antolatzen ditu, eta erne jarraitzen ditu bere familiakoen gorabeherak.

Lehen egunean ez nion deitu ospitaletik, artean gauza gutxi genekielako eta ni ere ez nengoelako telefonoz hitz egiteko moduan. Hurrengo egunean Fatima geratu zen esateko analisi batzuk egiten ari nintzela Galdakaon, sabelean min apur bat agertu zitzaidala eta.

Baina hirugarren egunean erabaki genuen argi esan behar geniola zer nuen. Lehenengo Fatimak esango zion, Arrasaten bertan. Ondoren, neuk deituko nion telefonoz ospitaletik. Esan eta egin. Bera izugarri poztu zen ni entzuteaz, eta gonbidatu genuen Esteiñibarren elkartzera, han, Fatimaren baserrian, luze eta zabal hitz egingo genuela.

Eta halaxe egin genuen. Eguraldi ederra egiten zuen eta ama agertu zenean, sekulako besarkada eman zidan. Jarri ginen kanpoko intxaurrondopean eta kontatu nion dena, gauza guztiak nola gertatu ziren, zer esan zidaten ospitalean eta zein zen hortik aurrerako egin beharrekoa. Ordubete eta erdi igaro genuen hitz egiten.

Amak eskertu du berari gauzak argi azaltzea eta berak ere sekulako animoak ematen dizkit aurrera egiteko. Elkartzen garen bakoitzean, gainera, bereziak izaten dira haren besarkadak eta patxoak.

Nahi baduzu irakurri nire minbiziaren inguruan Sustatun argitaratu ditudan aurreko artikuluak, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.

  1. Medikuak esan dit minbizia dudala.
  2. Eskerrik asko denoi ospitaletik!
  3. Hasi naiz kimioterapian.

Erantzunak

Maria
2002-10-09 : 18:04

Gaur goizean Joxe Aranzabali egin diogu elkarrizketa Arrasate Irratian. Oso gustora egin diogu elkarrizketa, hizketarako oso jaioa baita Joxe eta naturtasun guztiz azaldu digu bere gaisotasunarena. Garbi eta erraz.
Galdetu diogu zelan dauden bere emaztea, Bego, eta alabatxoa, Miren. Joxe harrituta dago emaztearen kemenarekin. "Alderantziz izango balitz nik ez nuke indar berdina edukiko, lurjota nengoke"- aitortu digu Joxek. Bestalde, alabari hasiera-hasieratik guztia argi eta garbi kontatu omen diote. Mirenek ez daki linfoma, kimioterapia eta halako hitzen esanahia, baina badaki aitatxo gaiso dagoela. Hasieran negar egin ei zuen, baina orain pozik dago, zazpi urteko ume batek duen bizi poza galdu gabe. Guk ere animoso atzeman dugu Joxe, apurka-apurka minbiziari aurre egiten.


Gurutze Irizar
2002-10-12 : 22:53

Jakin badakit eta gainera ikusten dut, aurrera eta "ondo" zoatzela. Mirenen kontuak, gogorrak, baino egia esan haurrak badute zentzu berezi bat egoerak bereganatzeko garbi hitz egin ezkero beraiekin, eta gainera ikusiko dezu nola lagunduko dizun.......... Eta Ama Paula berriz, ez da makala ez.



Zuk dezun indarrekin eta ingurukorekin, dudarik ez egin.



Gure indarrak ere, Elorrio aldera doaz.



Besarkadak denontzat

Dick Turpin
2002-10-14 : 21:57

José Francisco Molina futbol atezainak gaur goizean iragarri du prentsaurrean futbola utziko duela futbola, lehenbailehen hasiko baita kimioterapia tratamenduan, osatzeko barrabil batean duen minbizia.


Molina atezaina da Koruñako Depor futbol taldean, lehen mailan. Antza denez, 2001eko ekainaren 18an ebakuntza egin zioten barrabil batean, orduan tumor onaire bat aurkitu baitzioten, traba ez zena bizimodu normala eta kirola egiteko. Baina joan den asteazkenean proba gehiago egin zioten eta orduan jakin izan zuen gauzak okertu egin zaizkiola eta kimioterapia tratamenduan hasi beharko dela.


Atezaina bihar bertan joango da Valentziako Onkologia Institutura, non proba gehiago egingo dioten, jakiteko zehatz-mehatz zer duen, nolako tratamendua jarri beharko zaion eta zenbat denboraz. Bitartean, utzi egingo du futbola, “mugagabe”, berak esan duen moduan.


Molinarena ez da kasu bakarra. 1996ko urriaren 2an, Lance Armstrong txirrindulari estatubatuarrak ere jakin izan zuen minbizia zuela barrabil batean. Hala ere, harena txarragoa izan zen, barrabiletakoaz gain, minbizia hedatua baitzuen biriketan eta garunetan. Hala ere, osatu eta lehiara itzuli zen. Eta dagoeneko lau Tour irabazi ditu.


Josu Eleder
2002-10-15 : 21:02

Molinari bezala, Borja Basagoiti Bilbao Athletic taldeko defentsari ere minbizia aurkitu zioten barrabil batean, hain zuzen ere 21 urte bete berritan, aurtengo urtarrilean.


“21 urte bete eta biharamonean hasi zen dena. Barrabil bat handitu zitzaidanean. Ez nion garrantzirik eman. Are gehiago: txantxarako gaia bihurtu zen lagunen artean. Gomendatu zidaten atsedena, baina hanturak ez zuen atzerarik egiten. Urologo batengana eraman, ekografia bat egin eta minbizia aurkitu zidaten. Mundua gainean erori zitzaidan”.


Minbizi bat zen, hedatua bizkarrean eta biriketan. Berehala ebakuntza egin eta otsailean hasi zen kimioterapia saioak hartzen, ekaina arte. “Kimioa nahiko ondo eramaten nuen. Produktu bat ematen zidaten, bi sendagairekin, hirugarrena kenduta, eragin lezakeelako biriken ahalmenean, eta niri hori, kirolari naizen aldetik, ez zitzaidan komeni. Kimio saioen artean ohean egon behar izaten nuen, botaka”.


Une latzak igaro zituen, baina gainditu zituen familia, lagunak eta Athleticen laguntzarekin. “Uria lehendakariak sarri deitzen zidan, Zubizarretak eta lankideek bezala. Sekulako atxikimendua erakutsi zidaten eta klubak berehala berritu zidan kontratua”.


Joan den uztailean Borja Basagoiti berriro itzuli zen entrenamentuetara. Ondo bidean, abenduan jokatzeko moduan izango da.


Gurutze Irizar
2002-10-17 : 23:24

Euskadi Irratiko gaur arratsaldeko elkarrizketa entzun ondoren, zorionak berriro ere.





Muxuk

Pello
2002-10-18 : 11:17

Atzo arratsaldez, etxera ninduela kotxean, Euskadi Irratian entzun nuen zure elkarrizketa......malkotan iritxi nitzen....burutik gauza asko pasatu zitzaidan..



Orain, gaur goizean eta ordenagailuaren aurrean hauxe bakarrik etortzen zait burura: Aurrera Joxe !!

Laxaro Azkune, Loiolako Herri Irratia
2002-10-18 : 13:21

Ikaragarrizko zirrara egin zidan atzo arratsean Euskadi Irratian, Antton Aranbururekin
entzun nuen elkarrizketak eta gehiago oraindik han behin eta berriz esandako Joxe, nik
ezagutzen nuen Joxe Aranzabal zela jakinik


Berandu xamar behar bada, Irailaren 11 pasa zela hilabete pasa duk eta. Egia aitortuz ez
nauk toki honen bisitari oso fina. Atzokoa entzun ondoren etorri nauk eta jakin diat hire berri.


Ez zeukeat beste hitzik, entzunak entzunda hotzikara sortu bazidan ere, hire kategoria
erakutsi duk zoritxarrean ere. Hire buruaren oreka mantentzea lortu duk osasun egoera larri
horretan, ondo jantzita huela banekian eta miresmenez jarraitu ditiat albisteak.


Animo Joxe! Ez zegok hi bezalakorik! Menderatuko duk hau ere.


Laxaro


Josu Jimenez Maia
2002-10-18 : 15:25

Bai, zirraragarria zinez... Bart, Iruñean, kotxe istripu baten ondorioz sorturiko trafiko butxaduran gelditu nintzen, ez aurrera, ez atzera. Kotxean , irratia piztu eta saio zirraragarria enztun nuen. Behin baino gehiagotan begiak lausotu zitzaizkidan... kotxe ilaran nindoala, pentsatzeko denbora izan nuen: Iruñaren zati handi bat erabat geldituta egon zen barteko istripuaren eraginez; baina azkenik zulo beltzetik atera eta etxerako bidea hartu nuen, Joxe Aranzabali entzundako hitzak gogoan. Etxera heldutakoan neskalagunak esan zidan ea entzuna neukan irratsaioa... Gogoratze hutsak zirrara eragin zidan berriz ere... Joxe Aranzabal ezagutzen ez dudan arren besarkada beroena igortzeko aukera profitatu nahi dut. Ez etsi eta eutsi goiari; goiari, beheari eta behar denari.

Adorea, adorea eta adorea!

BEGO ERRASTI eta IÑAKI ARANA
2002-10-19 : 12:52

Aupa Joxe!



Zu eta gu ez gara lagunak, kalean elkar agurtzen dugun horietakoak soilik, baina hala ere, hau idazteko beharra sentitu dugula aitortu behar dizugu.



Goiogatik jakin genuen zure gaixotasunarena eta muturreko gogor bat bezala hartu genuen: sorpresa aurpegia eta pena sentimendua barrutik. Gero, Iñakik irratian entzun zintuen eta negar egin zuela aitortu zidan eta atzo, Goienkaria irakurri eta gero, nire barruak ere ederto astindu zenituen zure hitzekin eta jarrerarekin. Zure "biluztu" honek askorako balio duela pentsatzen dut, ez bakarrik zuretako edo beste gaixo batzuendako, baizik eta lezio ederra eman diguzulako "sano" gauden guztioi.



Animo Joxe eta hurrengo kalean ikusten zaitudanean, agur egiteaz gain, musu pare bat emango dizkizut. LAISTER ARTE.



A! Nik ere, kuadrilakoak bezala, guapoago zaudela pentsatzen dut...

Erantzun

Sartu