Teknologia albisteak
1

Berriro agertu zait erretxazoa

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2004-02-09 : 11:02

Kendu dugu ziklosporina, aurrez pentsaturik genuen bezala, eta berriro agertu dira erretxazoaren zantzuak. Baina medikuek diote seinale ona dela hau orain agertzea. Bide batez, debekatu egin didate alkohola edatea.

Abenduaren bukaeran bete ziren bost hilabete hezur-muinaren transplantea egin zidatela Valdecillako Ospitalean, Santanderren, osatzeko linfoma folikular bat, minbizi mota bat, aurkitu zidatena 2002ko irailaren 11n. Gabonak inguruan, bada, nire hezur-muinean bizi ziren zelulen %95 nire arrebak emandakoak ziren. Beraz, nire jatorrizko zelula ia gehienak ordezkaturik zeuden.

Hori ikusita, urtarrilean zehar poliki-poliki kentzen joan ginen ziklosporina, botika immunosupresore bat, orain artean babestu nauena erretxazotik. Kendu ahala, ordea, berriro agertu ziren erretxazoaren seinaleak, lehen baino gogorrago: zauriak ahoan, azkura bizia, ekzema gogorra enborrean eta buruan…

Hasieran ez genekien horrena ote zen. Horregatik, Galdakaoko Ospitalean egin zidaten azaleko biopsia bat, eta honek garbi adierazi zuen baietz, sintoma horiek guztiak erretxazoaren ondorio zirela. Horren aurrean, aurreratu egin genuen bisita Valdecillara.

Injerto kronikoa

Valdecillako Ospitalean hematologoak baieztatu egin zuen Galdakaokoen diagnostikoa, baina beste berba batzuk erabilita: “injerto kronikoa daukazu”, esan zigun. Eskatu genionean hitz horiek azaltzeko, esan zigun beraiek bi injerto edo erretxazo mota bereizten dituztela:

  • Injerto akutua, transplantea egin eta lehen hiru hilabeteetan agertu ohi da. Niri mailarik apalenean agertu zitzaidan, eta kontrolatu genuen ziklosporina hartuta.
  • Injerto kronikoa, agertu ohi da transplantea egin eta sei bat hilabetera, ziklosporina (hau da, ordura arteko babesa) kentzeaz batera. Medikuen ikuspuntutik, erretxazo mota hau oso ona omen da, nahiz eta gaixoak minak nozitu, hori dela eta.

Beraz, denboraldi batean segituko dut erretxazoa izaten, baina medikuek jarri zidaten tratamendu bat, hark eragindako ondorioak arintzeko.

Tratamendu berria

Tratamendu berri honetan kortikoideak dira nagusi, bat ere ziklosporinarik gabe. Hau, proba moduan ezarri zidaten medikuek, astebeterako, ikusteko nola erantzuten nuen. Izan ere, gaizki hartuz gero, seguruenik berriro hasi beharko nintzateke ziklosporina hartzen.

Baina aste horretan gauzak ondo joan ziren. Ahoko zauriak osatu egin zaizkit ia erabat, ondo jan dezaket, beraz, eta azaleko kontuak ere polito samar doaz, ez behintzat lehen baino okerrago. Eta azkurarik, bat ere ez, pilulei esker.

Joan den ostegunean, bada, berriz itzuli ginen Valdecillara, pozik, nire bizi kalitateak gora egin zuelako nabarmen.

Gibela, ukituta

Gu pozik, eta medikua ere halaxe, tratamendu berriak erantzun ona eman zuela eta. Horrez gain, hematograma ere nahiko ona neukan, odol kontuak alegia.

Hala ere, esan zigun azken azterketan nire gibela ukituta agertzen dela, transplantearen ondorioz: “gibeleko transaminasak alteratuta dauzkazu”, esan zigun. Hori normaltzat jotzen da fase honetan. “Batzuetan osatu egiten da, eta beste batzuetan betiko gera daiteke. Horregatik, orain horixe zaindu behar dugu, txarrera egin ez dezan”.

Hori dela eta, esan dit ez edateko alkoholik bat ere, ez eta garagardorik ere. Ezer ez. “Saihestu egin behar dugu orain gibelarentzat toxikoa izan daitekeen guztia”. Agur, beraz, Esteiñibarko txakoliñari, baina ez adiorik!

Ez pentsa horregatik triste etorri ginenik. Ulertzen dugu gauzak nola gertatzen diren: horrelako transplante baten ostean gauza asko gertatzen dira gorputzean, eta honek garbitu beharra izaten du zikin asko; zikin hori, ordea, filtrotik pasatu behar, gibeletik, alegia. Beraz, ulertzekoa da lan gehiegiaren ondorioz, matxuraren bat agertzea. Guk, geure partetik, daukagun guztia ipiniko dugu gibeleko hori osa dadin, eta aurrera.

Eskolak ematen

Gorabehera hauek ez didate galarazi eskolak ematea. Astean bi egunean HUHEZIra joaten naiz, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatera, hantxe egiten dut-eta lan.

Han ikasle talde bat dut, Humanitateak-Enpresa ikasketak egiten diharduena 4. mailan, eta haiekin aztertzen hasi gara nola egin Barne Komunikazio Plan bat enpresa edo erakunde batean. Lan praktikoa, beraz. Ikasleek oso ondo hartu naute, eta ari gara aurrera egiten.

Ilea galtzen berriro

Lehen esan dut nola tratamendu berria oinarritzen den kortikoideetan. Zehatzago esanda, prednisona hartzen ari naiz, kortikoesteroide bat, eta honek kortisonaren efektu berdinak ditu. Oraingoz, oso ondo konpondu dizkit erretxazoaren minak, baina honek ere badu albo efekturik: alde batetik, hasi naiz nekatuago sentitzen. Eta bestetik, ilea erortzen hasi zait berriro.

Bizpahiru egun barru erabat moztu beharko dut ilea, egunetik egunera igartzen dut-eta erortzen ari zaidala. Gaisotu nintzenetik, hirugarren aldiz geratuko naiz burusoil. Baina honek ez nau kezkatzen, badakit-eta kortikoideak kendu bezain laster berriz haziko dela, lehen baino indartsuago.

Nahi badituzu irakurri aurreko artikuluak, Sustatun argitaratu ditudanak nire minbiziaren inguruan, hementxe dituzu. Klik egin testuaren gainean eta irakurri.

  1. Medikuak esan dit minbizia dudala.
  2. Eskerrik asko denoi ospitaletik!
  3. Hasi naiz kimioterapian.
  4. Nola esan zure alabatxoari minbizia duzula?
  5. Burusoil baten memoriak
  6. Berri onak: tratamendua aldatu didate
  7. Minbizia tarteko, ez didate berritu gida baimena
  8. Neuk ere hartu dut EPO
  9. Bete dut hirugarren zikloa, kimioterapian
  10. Nire hezur-muina garbi dago
  11. Santanderrera noa, transplantea egitera
  12. Urtebete minbiziarekin
  13. Valdecillako ospitalea, hitzez hitz
  14. Minbiziaren arrastorik ez, oraingoz

Erantzunak

ELORRIAR BAT
2004-02-12 : 14:02

>Kaixo Jose, zuk idatzitakoaren azken bi atalak irakurri ditudanean orain zapi urte nola egon nintzen gogoratu dut.”Lupus Eritematoso Sistémico” izeneko gaixotasuna diagnostikatu zidaten eta nire kasuan kortikoide bidezko tratamendua izan nuen hasieran eta geroago, hura gutxituz joan ahala ziklosporina hartu nuen, bena barnekoa. Kortikoideek salbatu ninduten bizitza eta dosi oso altuak hartzen nituenez, denbora gutxian hogei kiloko aldea izan zuen nire gorputzak, gosea ezin bainuen kontrolatu.



Ziklosporinaren ondorioz aldaketak izan nituen nik ere gorputzean: alde batetik ezemak, batez ere aurpegian eta buruan ilearen norabidea guztiz aldatu arte eta bestetik minbera larruazalean, minbera hori orain arte izan dut eta gaur egun gutxiago dudan arren ez zait guztiz normaldu.



Niri ere esan zidaten aldirik gogorrena lehenengo bost urteak izango zirela. Gero gaixotasuna agertu ezkero modu apalagoan agertuko zela . Egia esan lehenengo hiru urteak izan ziren gogorrenak, harrezkero nire gorputza nahiko baretuta agertu da.



Jose, esan behar dizut amaitzeko gaur egun gora beherak dituzun arren, ez larritzeko, gerora begira ikusteko zure burua, beste pare bat urte barru lehengo moduan korrika ikusiko zaitugu eta.



Erantzun

Sartu